Funtsezkoena 2 minututan
Pirinioetako Ekologia Institutuak (IPE-CSIC) airetik erortzen dena neurtu du Bilboko lau puntutan. Hau laburpena da; txosten osoa, 15 orrialdekoa eta gaztelaniaz, hemen deskarga daiteke.
Zer neurtu den
- Atmosferako deposizioa: airetik erori eta lurrean, leiho-ertzetan eta esekitako arropan geratzen dena.
- Lau puntu: Zorrotza, Deustuko Erribera, San Inazio eta, alderatzeko, Bilbo erdialdea.
- 56 egun, 2026ko apirilaren 30etik ekainaren 25era, auzokideek zaindutako kaptadoreekin.
- 69 osagai arte aztertu dira IPE-CSICen laborategietan. Txostenaren egilea: Jorge Pey Betrán.
Zer aurkitu duen
San Inazioren gainean 8,9 mikrogramo berun metatu ziren metro koadroko eta eguneko; erreferentziako hirien maximoa 2,2 da.
Deustuko Erriberan eta San Inazion, 17 aztarna-elementuk gainditzen dute maximo hori; Zorrotzan, 7k; Bilbo erdialdean, 4k, oro har trafikoarekin lotuak.
Nondik etor daitekeen
Txostenak hiru iturri motarekin lotzen ditu elementu hauek: industria-prozesuak, isuri bideratuekin eta difusoekin; fuel-olioaren errekuntza; eta errepideko trafikoa.
Molibdenoa altu ageri da lau puntuetan, erdialdean ere bai: txostenak eskualde-jatorriko seinale metalurgiko probabletzat jotzen du.
Txostenak esaten ez duena
- Ikerketa esploratzailea da: 56 egun eta lau puntu.
- Ez dizkio gainditzeak iturri jakin bati egozten.
- Erreferentziako hiriak Bartzelona, Zaragoza, Palma eta Iruñea dira, 2016tik 2025era bitarteko datuekin.
- Espainian ez dago metalen deposiziorako muga legalik. Alemaniak 100 µg/m²·egun berun onartzen du urteko batez besteko gisa; hemen 8,9 neurtu ziren.
Zer eskatzen dugun orain
- Kromoaren espeziazioa: gure etxeen gainera erortzen dena minbizi-eragilea den jakitea.
- Eragindako auzoen azterketa epidemiologiko bat.
- Neurgailu finkoak, funtzionatzen dutenak eta ebaluazio ofizialean konputatzen dutenak, eta isurien datu publikoak.